cabecera noticias

Albisteak

Emaitzen lehen analisia: 2.500 lagunek baino gehiagok beren klima-inpaktua aztertu dute

Emaitzen lehen azterketa: 2.500 pertsona baino gehiagok klima-inpaktua aztertzen dute

Orain arte, 2.500 lagunek baino gehiagok bete dute "Aztarna klimatikoaren kalkulagailu arabarra" inkesta interaktiboa, non gure eguneroko jarduerak ingurumenean duen eragina jasotzen den.

Galdetegiak bi ingurumen-adierazleren zenbatespenarekin lotutako zenbait alderdi jaso ditu: karbono-aztarna, pertsona, erakunde, ekitaldi edo produktu batek zuzenean edo zeharka sortutako berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak neurtzen dituena, CO2 masa baliokidean adieraziak; eta aztarna hidrikoa, gizabanako edo komunitate batek kontsumitzen edo enpresa batek ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabiltzen duen ur-bolumen osoa neurtzeko erabiltzen dena.

Emaitzen arabera, berotegi-efektuko gasen isurien batez besteko balioa gomendatutakoa (2.300 kg CO2 laguneko eta urteko) baino bi aldiz handiagoa da, gutxienez; handiena 31-50 adin-tartean erregistratu da, eta txikiena, berriz, 0-18 adin-tartean eta 70 urtetik gorakoengan, nagusiki mugikortasunaren eragin handiagatik. Horrez gain, 30 urtetik beherakoek dituzte ur-kontsumorik handienak, eta 30 urtetik gorakoek txikienak.

Ingurumen-inpaktua neurtzeko, tresnak ingurumenean gehien eragiten duten sei ardatzei buruzko galderak egiten ditu: ETXEA, ENERGIA, URA, HONDAKINAK, KONTSUMOA eta MUGIKORTASUNA, eta galdetegia betetzen duten pertsonen arteko jokabide-joera nagusiak identifikatzen ditu:

URA dela eta, 30 urtetik beherakoek ematen dute denbora gehien dutxan: 0-18 urte bitarteko pertsonen % 43k eta 19-30 urte bitarteko pertsonen % 31k 15 minutu edo gehiago igarotzen dute bertan.

HONDAKINEI eta haien kudeaketari dagokienez, 30 urtetik gorakoek gaikako bereizketaren aldeko konpromiso-maila handiagoa erakusten dute, eta inkesta bete duten biztanleen % 24k adierazi dute ez dutela hondakin organikoen edukiontzia erabiltzen. Gainera, 4 arabarretik batek aitortu du astean kilo bat janari edo gehiago zaramara botatzen duela.

KONTSUMO-ohiturak direla eta, emaitzek alde handiak erakutsi dituzte adinaren arabera. 30 urtetik beherako gazteek erosten dute arropa gehien urtean (0-18 urte bitarteko pertsonen % 39k 20 jantzi edo gehiago erosten dituzte urtean), eta 30 urtetik beherako 5 gaztetik batek gutxienez astean behin erosten du produktu edo zerbitzuren bat Internet bidez. Haragi-kontsumoari dagokionez, herritarren % 26k noizean behin jaten dutela diote, edo inoiz ez.

Azkenik, MUGIKORTASUNAri helduta, alegia, gehien eragiten duten ardatzetako bati, positiboki nabarmendu da 30 urtetik beherako pertsonek erabiltzen dituztela gehien bizikleta eta garraio publikoa ikastera/lanera joateko; helduen % 50ek, aldiz, autoa (partekatu gabea) erabiltzen dute lanera joateko. Oporretan, gazteen % 13k gutxiago kutsatzen duten garraioak erabiltzen dituzte, trena edo autobusa, kasurako; helduen kasuan, % 4k baino ez dute hori egiten.

"Aztarna klimatikoaren kalkulagailu arabarra" "Araban Zu Zero, aldaketa zure esku dago" proiektuaren parte da, zeina 2030erako Arabako Aliantzaren 13. GIH "Klimaren aldeko ekintza" bultzatzeko talde eragileko kideek garatu duten: Egibide, Amurrioko Udala, Preoca, Cimas, Consultur eta ICLI Lankidetzarako Ingeniaritza.

Kalkulagailu honen berezitasuna da, lehendik zeuden beste batzuen aldean, Araban ardaztutako tokiko hainbat gomendio, artikulu eta ekimen eskaintzen dituela klima-aldaketaren aurkako borrokan gure azturek eta jokabideek ingurumenean duten eragina hobetzeko. Laburbilduta, bizimodu iraunkorragoa lortzeko ekintzak.

Kalkulagailua herritar ororen eskura dago www.arabanzuzero.eus webgunean, eta, gure klima-inpaktua zein alorretan murritz dezakegun jakiteko, jendea parte hartzen jarraitzera animatu nahi dugu.

Lotutako berriak

Zuhaitz bat duen zelai baten irudia
Garapenerako lankidetza eta klima-aldaketa

Garapenerako Lankidetzaren bidez, hainbat eragilek, zeinen artean GKEak nabarmentzen diren, elkarlanean dihardugu gure tokiko ingurunearen eta mundu osoaren eraikuntza solidarioan.

Gehiago irakurri
imagen de un prado con un árbol
Nor dago ekimen honen atzean?

Gure kasuan, 13. GIHrako (Klimaren aldeko ekintza) talde eragilean, askotariko eragileok parte hartzen dugu, eta, elkarlanean, Araban Zu Zero, Aldaketa zure esku izeneko proiektu hau garatzea lortu dugu, ilusio handiz garatu ere, talde osoaren aniztasunari, borondatezko jardunari eta ekarpenei esker

Gehiago irakurri